Elementu aurrefabrikatuekin landutako industrializazioa, Atsobakar egoitzan
Lasarte-Oriako Atsobakar adinekoen egoitza handitzeko, Beldarrain Estudioak (Donostia) STONEO Forms eraikuntza soluzio industrializatuen aldeko apustua egin du, soluzio horiek egungo arkitekturarekin bat egiten baitute. Lorena Cores estudioko arkitektoarekin hitz egin dugu hainbat gairi buruz: erabiltzen ari diren eraikin batean esku hartzearen erronkez, ULMAko Arkitektura Bulegoarekin lankidetzan aritzeaz eta aurrefabrikazioaren potentzialaz, eraikuntza eraginkorrago, zehatzago eta jasangarriago baterantz aurrera egiteko.
- Zer erronka nagusi zituen Atsobakar handitzeak, kontuan hartuta funtzionamenduan dagoen egoitza dela?
Proiektuaren helburua da egoitza handitzea, dagoen eraikinari hiru gorputz atxikita: hegoaldean, ekialdean eta mendebaldean. Hala, eraikinaren bolumena bikoiztu, eta inguratzen zuen lorategiaren zati handi bat okupatuko da. Egoitza errendimendu betean dagoela egiten ari dira obra, eta, beraz, egoiliarrei ahalik eta eragozpen gutxien sortzea izan da erronka; ez nolanahiko erronka, gainera! Obra faseka planifikatu zen, une oro obra eta egoitza nolabait bereizi ahal izateko, eta hegoaldean handitutako zatia dagoeneko martxan jarri da, egoiliarretako batzuk hara lekualdatzeko, eta, hartara, hurrengo faseetako beharrezko erreformak egin ahal izateko. Hori guztia egiteko, alde batera utzi dira sarbideak, eta kontu handia izan dugu egoiliarrek obraren fase guztietan aisialdirako kanpoko espazioak gozatzeko aukera izan dezaten.

- Zerk eragin zuen ULMAren marko aurremuntatua bezalako sistema industrializatu bat aukeratzea?
Proposamen arkitektonikoak berriaren eta zaharraren arteko nolabaiteko jarraitutasuna lortu nahi du, jendeak eraikin bateratu gisa ikus dezan, nahiz eta hainbat unetan estilo desberdinekin eraikitakoa izan. Borondate horrek eraman gaitu egungo egoitzak daukan zarpiatu gorrixka bera erabiltzearen alde egitera. Egungo eraikineko leiho molduradunak askoz ere tamaina handiagoko leiho karratu bihurtuko dira, eta hormigoi zuriz egindako markoak jarriko dira, orain artekoei keinu egiteko, nahiz eta hizkuntza abstraktu eta modernoagoa erabili. Horrela, leihoa lau aldeetan biltzen duen marko fin bat izango da. Soluzio aurrefabrikatuak eta aurremuntatuak abantaila logistiko eta ekonomikoak ditu, eta, gainera, eragozpenak murrizten dizkie egoiliarrei. Baina kasu honetan, gainera, proiektuaren ikusmoldearentzako soluziorik leialena zen.
Eraikuntza-aurrefabrikatu industrializatu bat proiektatu nahi duzu? Kontaiguzu zure ideia.
- Nolakoa izan da ULMAko Arkitektura Bulegoarekiko koordinazio teknikoa, proiektu honetan?
Oso estua izan da proiektutik bertatik hasita, eta hori, nire ustez, alderdi erabakigarria da. Aurrefabrikazioak arkitektoaren eta industriaren arteko lankidetza handia eskatzen du. Hori askoz ohikoagoa da, hain zuzen ere, eraikuntza teknologia aurreratuagoa duten herrialdeetan, eta, hemen, oraindik ere, ikasten ari gara: exekuzio proiektuak, neurri handi batean, eraikina eraikiko duenarekin lankidetzan egin beharko lirateke. Aurrefabrikazio maila handiko proiektuak egin ahal izateko modu bakarra da hori, eraikuntza azkarragoa, ekonomikoagoa eta jasangarriagoa izango baita.
- Obran STONEO materialak izaten duen portaera tekniko edo estetikoaren zer alderdi nabarmenduko zenituzke?
Egia esan, emaitza oso ona izan da. Kolorearen eta akaberaren homogeneotasuna oso handia da, baita doitasun geometrikoa ere. Argi dago aurrefabrikazioaren abantailetako bat dela hori, in situ egindako soluzioekin alderatuta.

- Sistemak isurkiak, leihoburua eta janbak ditu, modulu bakar batean. Zuen ustez, zer onura dakartza "dena batean" soluzio horrek, diseinuaren eta obraren ikuspegitik?
Esan dudan bezala, multzoa kutxa homogeneo gisa pentsatuta dago, hutsuneak hiru zentimetroko lodierarekin biltzen dituena, eta, beraz, aurremuntatutako soluzioa zen egokiena eta proiektuarekiko leialena. Jakina, “dena batean” soluzioak loturetan ematen duen perfekzio maila ezin da lortu muntaketa obran eginda. Eta ez dezagun ahaztu exekuzioa azkarra denez, egoiliarrei eragozpenak murrizten zaizkiela.
- Uste duzu horrelako soluzio industrializatuek protagonismo handiagoa lortuko dutela datozen urteetan?
Zalantzarik gabe. Beste herrialde batzuetan aurrefabrikazio maila askoz handiagoarekin eraikitzen ari dira, eta hori da hemen ere jarraituko dugun bidea. Obra epeetan eta alderdi ekonomikoetan abantailak ditu, ingurumen aldetik eraikitzeko modu askoz jasangarriagoa da, eta tailerreko muntaiak obrako lanak baino kalitate handiagoko enplegua sortzen du, eta hori, nire ustez, oso garrantzitsua da.
BURUHAUSTE BIHURTU DEN PIEZA BAT DUZU PROIEKTUAN? GUREKIN HITZ EGIN